Skip to main content

I. Nazioarteko Biltzarra

Naizen

Haur eta gazte transexualitatea

“Ulertu, lagundu ahal izateko”

Bizkaia Aretoa UPV/EHU. Bilbo. 2025eko maiatzak 5 eta 6

I. Nazioarteko Biltzarra Naizen Haur eta gazte transexualitatea

“Ulertu, lagundu ahal izateko

Haur eta gazte transexualitatearen inguruko gizarte-polemika gero eta handiagoa da, eta horrek eztabaida eta hausnarketa bateraturako espazioak eskatzen ditu, hainbat ikuspegitatik (soziologikoa, psikologikoa, sexologikoa, psikiatrikoa, hezkuntzazkoa, endokrinologikoa, etab); halaber, truke eta elkarrizketa handiagoa eskatzen du ezagutza akademikoaren, profesionalaren eta esperientziatik datorren ezagutzaren artean, helburu komun batez, alegia, haur eta gazte horien prozesu biografikoetan sortzen diren beharrei arreta ematea eta pertsona horien ondoan egotea. Beharrezkoa da errealitate horien ulermenean aurrera egitea ahalbidetzen digun diziplinarteko elkarrizketa bat sortzea, egon daitezkeen desadostasun teoriko eta epistemologikoen gainetik, edo agian, hobeto esanda, begirada eta ikuspegi desberdinen aberastasunari esker.

 

Helburu xume horrek bultzatuta, hau da, haur eta gazte transexualitatearen errealitatea ulertzea, ahalik eta akonpainamendurik onena eskaintzeko xedez, aurkezten dugu biltzar hau: haur eta gazte transexualitateari buruzko Naizen Nazioarteko I. Biltzarra. Bertan, hainbat alorretako ordezkariak bilduko dira: ikerketa, hezkuntza, gizarte hezkuntza eta gizarte lana, sexologia, psikologia, psikiatria, endokrinologia, soziologia, administraritza, etab., aktibistak, trans pertsonak, senideak eta haur eta gazte transexualen egoeragatik interesatuta eta haiekin konprometituta dauden pertsonak.

 

Biltzarreko mahai eta hitzaldiek garrantzi handiko gaiak jorratuko dituzte, hala nola ikerketaren gaurko egoera: aztergai egongo da zer har daitekeen ebidentziatzat eta zer ebidentzia ditugun gaur egun haur eta gazte transexualei buruz; halaber, beste gai hauek ere jorratuko dira: begirada eta ikuspegi teorikoetan aniztasuna, osasun-zerbitzuetatik eta eskola-eremutik eskaintzen den akonpainamendua, trantsituetan geratzen diren noranzko-aldaketak, eta errealitate ez-bitarrak. Orobat, aukera egongo da trans bizipenak ezagutzeko eta baita familien elkarteen ahotsa entzuteko ere.

Naizen irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako haur eta gazte transexualen familiak biltzen dituena. Elkartea 2015ean eratu zen, 8 familien eskutik, eta gaur egun 300 familia baino gehiago biltzen ditu. Bere helburu nagusia da familien arteko elkar sostengurako sareak sortzea. Informazioa, prestakuntza eta aholkua eskaintzen die bai familiei eta baita profesionalei ere, edozein arlotakoak (osasuna, hezkuntza, soziala, judiziala, kirolekoa, kulturala…). Gainera, elkartea lanean ari da haur eta gazte transexualen errealitatea bistaratzeko; halaber, haien eskubideak alor administrazio eta judizialean aitortzearen alde dihardu, eta baita babestuko dituzten lege-erreformak sustatzearen alde ere, hezkuntza-material eta baliabideak sortzeaz batera. Horrez gain, azterlan eta ikerketetan parte hartzen du, haur eta gazteen transexualitatearen ulermenean aurrera egiteko, horri esker akonpainamendu hobea eskaini ahal izateko. Arrazoi horrek eraman gaitu Naizen Elkartetik Biltzar hau antolatzera: Haur eta gazte transexualitateari buruzko Naizen I. Nazioarteko Biltzarra.

Antolatzailea:

Koantolatzaileak:

Loading...